Jaiak
Armiñonek San Isidro nekazariaren eguna ospatzen du maiatzaren 15ean.
Armiñongo herriko jaiak San Andresen ohorez ospatzen dira. San Andres eguna azaroaren 30a denez, eta egun horiek ez direnez oso egokiak jaiak ospatzeko, udara aldatu ohi dira, abuztuko azken asteburura.
Estavillon, herriko jaiak San Martinen ohoretan izaten dira, azaroaren 11n, baina, lehen aipatutako arrazoi berberengatik, udan ere ospatzen dira (ekaineko hirugarren asteburuan).
Inguruko herrien artean tradiziorik nabarmenena Trebiñuko Konderrian dagoen San Formerio ermitara doan erromeria da. Irailaren hirugarren larunbatean ospatzen da (tradizioz irailaren 25ean ospatzen zen), eta Armiñon eta Estavilloko herritarrak bertara joaten dira. Ermita Pangua herrikoa da (Trebiño-Burgos konderria). Estavillo herriak santuaren erlikiak gordetzen dituzten sei giltzetako bat gordetzen du.